Ekainaren 19an gertaera gogoangarria izan zen Bilbo hiriaren mugikortasunaren historian. Egun horretan, Udalbatzan ordezkariak dituzten alderdi guztiek Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Ituna sinatu zuten. Agiri horrek, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatuak, Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana 2015-2030 (HMJP) ezartzeko guztien konpromisoa itxi du. Plan hori egiteko, herritarren partaidetza-prozesuak burutu dira. Itun hori sinatzean, hortaz, udal-buruzagiek 2030. urtera arte mugikortasun-arloan egingo diren ekintzak gidatuko dituzten 16 printzipio betetzea hitzartu dute.
Era berean, itun horrek Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Foroa sortzeko bidea eman du. Kudeaketa-organo hori urtean bi aldiz bilduko da Plana ezartzeko prozesua ebaluatzeko asmoz. Foroak txostenak izango ditu, HMJP ezartzen denean herritarren ikuskera nabarmentzen jarraitzeko.
Horrela, Bilbok epe luzerako ikuspegi partekatua eta hori burutzeko ituna sortzea lortu du, hots, hirian mugikortasun jasangarria finkatzea ahalbidetuko duen hiri-gobernantzako eredua.
Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana 2015-2030
HMJP agiri estrategikoak Bilboko mugikortasunaren etorkizunerako ikuspegia bildu eta adierazten du: bilbotarren bizi-kalitatea hobetzeko asmatutako mugikortasuna.
Bilbo hiria, munduko beste hiri batzuk bezala, mugikortasunak beste hiri-helburu batzuk lortzeko tresna bezala planifikatzeko duen ahalmenaz jabetu da. HMJPren edukian, mugikortasuna herritarren osasuna hobetzeko eta genero-desberdintasunari aurre egiteko –hiri berdinzale eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko– baliabide egiten hasteko konpromiso argia nabarmentzen da. Horretarako, HMJPak Bilboko Udaleko beste agiri batzuen ikuskerarekin bat egin du: Genero Ekintza Plana eta Bilbo 30/30 kanpaina.
Horiek horrela, genero-berdintasuna eta osasuna Planaren zeharkako helburu bilakatu dira, eta horren 45 ekintzek zortzi ardatz hauek izango dituzte oinarri: Hirigintza eta Lurralde Antolamendua; Oinezkoen Mugikortasuna; Garraio Publikoa; Txirrindularien Mugikortasuna; Ibilgailu pribatua eta Aparkalekuak; Zamaketa-lanak; Bide-segurtasuna eta Ingurumena. Ekintza horien bidez, 2030. urterako helburu batzuk lortu nahi dira, hala nola, hiriko bidegorri-sarea % 135 handitzea, berotegi-efektuko gasak % 41 murriztea eta garraio publikoko eguneko bidaiak 83.000 handitzea eta horien maiztasuna eta zerbitzua hobetzea.
Plangintza-prozesu irekia eta inklusiboa
Eragile desberdinak eta horien ikuspegiak elkartzeko ahalegina beti egon da HMJPa sortzeko prozesuan. Mugikortasunaren aldeko Ituna sinatu eta Mugikortasunaren aldeko Foroa sortu izana, bi urteko prozesuaren ondorio da. Izan ere, bi urteotan herritarrak izan dira xede. HMJP bi (2) fasetan egin da –diagnostikoa eta neurriak egiaztatzea– eta horietan, aldi berean, garapen teknikoekin, udal-partaidetzarekin eta gizarte-partaidetzarekin loturiko jarduerak egin dira.
Planaren diagnostikoa garatu eta helburuak eta neurriak zehazteko, sektore akademiko, publiko eta pribatuko eragileak eta herritarrak bildu dira. Helize laukoitza izateari esker, Bilboko mugikortasunaren erronken eta aukeren ikuspegi holistikoa eraiki ahal izan da. Horretarako, bi urte haietan, lan-jardunaldiak, barrutietako herritarren eta Udaleko ordezkarien arteko bilerak, mahai-inguruak hainbat eragile politikorekin eta eztabaida-panelak antolatu dira. Aldi berean, partaidetza online, web bidez eta sare sozialetan bultzatu da.
Mugikortasuna herritarrekin batera planifikatzen: lehentasun europarra
Plangintza osagai erabakigarria da mugikortasun jasangarria eraikitzeko; hortaz, Europako Batzordeak mugikortasunaren plangintza Urban Mobility Package programaren gai nagusitzat jo du. Ekimen horren barruan, Europako Batzordeko Mugikortasun Jasangarriaren Behategiak (ELTIS), XXI. mendeko hiri-mugikortasunari ekiteko “plangintza-prozesu jasangarriagoak eta integratzaileagoak” sortzeak duen garrantzia azpimarratu du. Ikuspegi partizipatiboa kontuan hartzea da, hain zuzen, ELTISek aholkatutako Mugikortasun Jasangarriaren Hiri Planen 8 osagaietako bat, hots, “hiriko herritarrak nahiz gizarte zibileko ordezkariak eta egile ekonomikoak” integratzea plana garatu nahiz ezartzean. Testuinguru horretan, HMJPak hiri-mugikortasunaren plangintzaren paradigma aldaketaren adibide argia dira, herritarrak hiriak eraikitzeko prozesuaren partaide bilakatu baitira.
Bilbok bezalaxe, gero eta hiri gehiagok bat egiten dute hiriko eragile askok –batez ere, herritarrek– sinatutako mugikortasunari buruzko itunak sortzearekin. Jardunbide egoki horiek ezagutaraztea da SUM Bilbao 2019ren agendaren alde bat; izan ere, biltzar horretan hiri-gobernantzak eta herritarren partaidetzak mugikortasunaren plangintzan duten garrantziaz eztabaidatuko da. Espero da Biltzarraren ondorioak hiri jasangarriagoak eraikitzeko osagai horiek sartzen jarraitzeko oinarri izan daitezen.