Biltzarrak hiri iraunkorragoen garapenak dakartzan erronkak aztertu eta mundu osoko hirien esperientziak nahiz hiri-mugikortasuna, energia garbiak eta digitalizazioa ardatz dituzten etorkizuneko aukerak emango ditu ezagutzera.
Petronorrek eta Bilboko Udalak 2019ko otsailean antolatuko den biltzarra gauzatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur.
Petronorrek eta Bilboko Udalak “XXI. mendeko hiriak mugitzen” izenburua daraman mugikortasun iraunkorrari buruzko nazioarteko biltzarra antolatzeko akordioa sinatu dute gaur. Bi egunetan, hiri iraunkorragoen garapenak dakartzan erronkak aztertu eta hiri-mugikortasuna, energia garbiak eta digitalizazioa ardatz dituzten etorkizuneko aukerak eta esperientziak partekatuko dira.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak, Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziarekin eta Jose Ignacio Zudaire Petronorren Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanetako zuzendariarekin batera, “XXI. mendeko hiriak mugitzen” lemapeko biltzarra antolatzea ahalbidetuko duen lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute. Biltzarra 2019ko otsailean antolatuko da Bilbon, hainbat adituren eta bost kontinenteetako hirien ordezkarien parte-hartzeaz.
Petronorren 50. urteurreneko ospakizunei atxikitako sinaketa hau, findegiak eta Bilboko Udalak hirien etorkizuneko garapen iraunkorra sustatuko duen mugikortasun ereduaren alde egin duten baterako apustuaren isla da.
Bilbo, Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen kidea da. Hauxe da hirien eta estatuz beheko gobernuen munduko antolakunderik garrantzitsuena, ONU eta Europar Batasuna bezalako nazioez gaindiko erakundeen aitorpena duena. Testuinguru honetan, Petronorrek eta Bilboko Udalak Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen barruko hausnarketa-topagunetzat antolatuko dute aipatutako biltzarra, hirien iraunkortasunerako nahitaezkotzat jo den mugikortasun iraunkorraren esparruan aurrera egiteko asmoz.
Petronorrek 50 urte bete ditu herriaren zerbitzuan, garraio eta zirkulaziorako erregaien hornikuntzan. Ondorengo 50 urteetan etorkizuneko energia eta energien hornitzaile gisa bistaratzen eta planifikatzen ari da, iraunkortasunaren ikuspegitik. Horren harira, Petronorrek Ibil izeneko ibilgailu elektrikoen Euskadiko lehenengo karga-kudeatzailean duen partaidetza nabarmendu behar da.
XXI. mendeko hiriak mugitzen
Garraio eta mugikortasun sistemak hauen funtzionamendurako behar diren energia-iturrien arabera aldatu dira.
Biltzarrean, sekore energetikoaren inpaktuak, eraldaketak eta aurrerapenak aztertuko dira, energia elektrikoaren horniketa xede duten jarduera guztiak kontuan hartuta: sorkuntza, garraioa, banaketa, birkarga elektrikoko zerbitzuak, komertzializazioa eta Europar Batasunaren barruko zein nazioarteko trukeak, baita sistema elektrikoaren kudeaketa ekonomikoa eta teknikoa ere.
Jardunaldiak lau ardatz hauen inguruan garatuko dira:
- Mugikortasun iraunkorragoaren aldeko estrategia eta politika publikoak
- Teknologia digitalizazioan oinarritutako mugikortasun iraunkorraren aldeko palanka bezala
- Soluzioari atxikitako energia eredu berriak
- Garapen ekonomikorako aukerak mugikortasun iraunkorraren inguruan
Iturria: Petronor