Alde Zaharra edo Zazpi Kaleak (Goienkale edo Somera kalea, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zahar kalea, Barrenkale eta Barrenkale Barrena) izeneko auzoa Bilboko zaharrena da, hiriaren jatorrizko gune den Bilbo Zaharrarekin batera. Multzo Historiko-Artistiko izendatu da, bertan Plaza Barria eta hiriko eraikinik adierazgarrienetako batzuk daudelako, hala nola, Arriaga Antzokia, Bidebarrieta Liburutegia, Burtsa eraikina, Atxuriko geltokia eta Santiago Katedrala. Merkataritza-gune garrantzitsua da baita, izan ere, bostehunetik gora denda daude bertan, esaterako, Erriberako Azoka, Europako merkatu estalirik handiena. 1979. urteaz geroztik, oinezkoentzako gunea da ingurua.
Itsasadarraren beste ertzean, Bilbo Zaharra dago: hiriko ingururik bohemioena. Bilbo Zaharreko kaleetan dendak, tabernak, jatetxeak –egile-sukaldaritza, moda eta artea elkartzen dituztenak– eta nazioarteko artistek egindako horma-irudiak aurkituko dituzu. Emaitza zoragarria da: auzo sutsua, girotsua, garagardoez eta pintxoez gozatzekoa!