Generoa hiri-mugikortasunaren paradigma berrian

Mugikortasun jasangarriarekin lotutako hiriko zerbitzu publikoek funtzio garrantzitsua betetzen dute hiritarren ongizatea bermatzeko. Hainbat garraio azpiegitura – publikoak zein pribatuak – egunero erabiltzen dira eta erabakigarriak izaten dira gizarte-ekosistemaren funtzionamendurako; izan ere, gizarte aniztasunaren beharrei erantzun behar diete, eta aldi berean, aukera-berdintasunean parte hartu behar dute.

Hiri-mugikortasun jasangarriari ematen zaion ikuspegia paradigma berri batean oinarritzen da, gaur egun arte kontuan hartzen ez ziren elementuak dituena. Horren adibide garbiak dira momentu honetan ingurumenaren jasangarritasunak eta digitalizazioak duten garrantziak, lehen normalean kontutan hartzen ez ziren alderdiak. Era berean, mugikortasunaren paradigma berriaren barruan, aurrekoak bezain garrantzitsua den hirugarren elementu bat dago: Generoaren ikuspuntua.

Emakumeentzako eta neskentzako genero-berdintasuna bosgarren Garapen Iraunkorreko Helburuan (GIH, 5) jasota dago, genero-berdintasuna eta emakumeen jabekuntza zeharka eta eremu guztietan bultzatzearen eta indartzearen aldekoa, baita hiri-mugikortasunean ere. Horrek suposatzen du emakumeen mugikortasunean portaera bereizgarrien ereduak ulertzeaz gain, haietara egokituko diren mugikortasun-sistemak diseinatu behar direla.

Generoen arteko portaera bereizgarrien ereduak hiri-garraioan

Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak azaltzen duen bezala, generoa bereizgarri garrantzitsua da hiri-mugikortasunean. “Frogatuta dago emakumeek mugikortasun-eredu konplexuagoak dituztela, intermodalitate handiagoa baitute, eta bereziki, garraio publikoaz edo oinez gehiago mugitzen dira, eguneko hainbat momentutan”. Horren arrazoia da, batez ere, emakumeak gizonak baino gehiago geratzen direla etxean, eta bidaiatzen dutenean, ibilbide laburragoak gauzatzen dituztela.

Ezberdintasun horiek ez dira hutsalak, azaltzen baitute zergatik emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dituzten garraiobide jasangarri eta adimentsu berriak – adibidez, mikromugikortasunerako sharing plataformak. Bide berri hauek garraio publikoa edo ibilgailu partikularra bezalako ohiko garraiobideek ez duten malgutasun-maila eskaintzen dute (OECD, 2018).

Hara ere, historikoki gizarte-, lan- eta ekonomia- ikuspegitik generoaren araberako rol-banaketaren ondorioz, emakumeek garraiobide malguagoak behar dituzten arren, garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak dira (European Institute for Gender Equality, 2020).

Emakumeen segurtasuna mugikortasunaren sektorean

Segurtasun falta garraioan garraiobide guztiak modu berean eragiten dituen arazoa da, eta nabarmenki ezberdintzen du emakumeek eta gizonek garraioari buruz duten ikuspegia. International Transport Forum-aren laburpenean ageri diren adibideek erakusten dute mundu osoko emakume asko ez direla seguru sentitzen garraio publikoan, eta jazarpenen baten biktima izan direla eremu publikoan, bai hitzez zein fisikoki.

Hiriek gizarte-justiziarekiko konpromisoekiko leial izan nahi badute eta garraio publikoaren erabilera areagotu nahi badute, zerbitzu horien segurtasuna lehentasun gisa hartu behar dute, hiri-mugikortasun jasangarriko politikak zehazten hasteko, genero-ikuspegia kontutan hartuta.