Hidrogeno garbia: Europa klimatiko neutro batera bidean

2018ko azaroan, Europako Batzordeak Europa 2050ean klimatiko neutroa izateko estrategia aurkeztu zuen, Europa kontinente berde bihurtzeko. Anbizio handiko plana da, adibidez, 2030erako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak % 55 murrizteko helburua duena. Beraz, bistan da epe ertain eta luzera klima-helburuak lortzeko garraio-sistema deskarbonizatzeko politika sendoak behar direla, bai eremu publikoan, bai pribatuan.

Ingurumen-jasangarritasuna eta ekintza klimatikoa nazioarteko agenda politikoan daudenetik, hiriko eta hirien arteko pertsonen eta salgaien garraiotik sortzen diren emisioak murrizteko hainbat bide aztertu dira. Horregatik, erregai fosilen aldeko apustuak garrantzia handi hartu du azken urteotan, ez bakarrik garraioari dagokionez, baita industriari dagokionez ere.

Erregai berde bideragarrien artean, hidrogenoa potentzial handiena duenetariko bat da; izan ere, egoera likidoan zein gaseosoan gorde daiteke eta gasbideen bidez banatu daiteke. Gainera, deskarbonizatzen zailak diren sektoreentzako erregai onenetarikoa da, hala nola aireko garraioarentzat edo industria astunarentzat.

Hala ere, hidrogenoaren zailtasuna kostuan eta ekoizpen prozesuan datza, naturan topatzen ez den elementua baita eta uraren elektrolisia bezalako energiaren aldetik garestiak diren tratamendu kimikoen bidez eskuratu behar baita. Horregatik dira, hain zuzen ere, hain garrantzitsuak hidrogenoarekin lotutako deskarbonizazio-ekimenak, adibidez, Petronorrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Hidrogenoaren Hub bat sortzea bezalakoa.

Ekoizpenean ematen den zailtasun hori dela medio, Europako Batzordeak pasa den urteko uztailaren 8an Europa klimatiko neutro baterako Hidrogenoaren Estrategia argitaratu zuen. Estrategia honen helburua hidrogeno garbiaren ekoizpena bizkortzea da, izan ere, erregai horrek “berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen duten aplikazio posible asko ditu”, dio. Estrategiak hiru denbora-esparru garrantzitsu aurreikusten ditu: epe laburra -gaurtik 2024ra-, milioi bat tona hidrogeno berde ekoizteko azpiegiturak laguntzeko; epe ertaina -2025tik 2030ra-, hidrogenoa energia-sistemaren parte izan beharko duen garaia; eta epe luzea -2030tik aurrera-, non hidrogenoaren ekoizpena oso finkatuta eta eskala handian integratuta egon beharko den. Neurri horiek guztiak hidrogeno garbiaren eskaria sustatzeko, hidrogenoaren ikerketa bultzatzeko edo elementu honen ekoizpenerako lege-esparru egokia garatzeko helburua duten beste neurri batzuekin batera gauzatuko dira.

Gaur egun, hidrogeno garbia da Europako Batzordearen laguntza gehien jasotzen ari den erregai berdea, eta inbertsioak jasotzeko lehentasunezko hartzaile izendatu dute. Horren arrazoiak hainbat dira: pertsonen eta salgaien garraioa eta mugikortasunaren esparrua eraldatzeko duen ahalmena, ekoizpen-sektore guztietan duen eragina eta bere erresilientzia-gaitasuna.