Salgaien hiri-banaketaren garrantzia

Salgaien hiri-banaketa oso eraldatuta dago, merkataritza elektronikoaren hazkunde handiagatik eta azken miliako ibilbideen gorakadagatik; izan ere, nahiz eta tokiko esparruan jardun, udalaz gaindiko mailan ere eragina dute. Hiri-logistikak funtsezko eginkizuna du hirien funtzionamendu egokirako, nahiz eta, askotan, gai hori ez den politika publikoaren ikuspuntutik lantzen.

Hori dela eta, Europako Batzordeak adierazi du salgaien hiri-banaketa (DUM, gaztelaniaz) gai garrantzitsua dela hiri-mugikortasuneko neurrien paketearen barruan. Salgaien banaketaz arduratzen den flota berritzeko neurriak ezarri behar direla adierazi du, parke jasangarri bat lortze aldera, eta aldi berean, trafiko-pilaketaren aurkako politikak gauzatu behar direla. Horrez gain, kontuan hartu behar da politika horiek “esparru bat – entregatzeko espazioak, erregulazioak, pizgarriak, etab. – eman behar dutela, operadore pribatuek teknologia berrietan eta soluzioetan inbertsioak egiteko negozio-testuinguru egokia bermatzeko”. Jarraian, salgaien hiri-banaketaren eredua eraldatzeko agenda politikoan dauden politika publiko batzuk aurkezten dira.

Salgaiak biltzeko guneak (PRM, gaztelaniaz) ezartzea izan da adostasun handiena sortu duen neurrietako bat, batez ere DUMaren ondorioz hiri-pilaketa gehien izan dituzten hiriguneetan. PRM ereduak sistema bat proposatzen du, non merkataritza-establezimenduek, biltegiek edo antzekoek azken miliara banatzen den merkataritza elektronikoko paketeak jasotzeko gune gisa funtzionatzen duten. Hori, hiri-pilaketa hobetzeaz gain, pizgarria ere izan liteke merkataritza elektronikoaren erosleek tokiko merkataritza-establezimenduen ondasunak eta zerbitzuak kontsumi ditzaten. Sistema horrek paketeak banatzeko azken miliako zerbitzuarekiko osagarritasuna eskatzen du; izan ere, neurri osagarri gisa ikusten da, eta merkataritza elektronikoko enpresei, azken miliako salgaien banatzaileei, tokiko merkataritzari eta erosleari mesede egin liezaieke.

Adostasun handia duen bigarren ekimen bat salgaien banaketa-zerbitzua eraldaketa digitalaren prozesuan sartzea da. Sistema horrek zamalanetarako plazak aplikazio mugikor baten bidez kudeatzea ahalbidetzen du, eta salgaien banaketako profesionalek nahiz toki-erakundeek erabiltzea errazten du, metropoli-kudeaketa integratu baten bidez, plazak ordu-tarteen arabera banatuz, edo isunak eta zehapenak ordainduz eta kobratuz. Neurri horren kasu arrakastatsu bat Bartzelonako Udalak 2020. urtearen erdialdean abiarazitako SPRO aplikazioa izango litzateke.

Ondorioz, nahiz eta beti ez kokatu foku politiko nagusian, salgaien hiri-banaketak izan behar du aztertu beharreko punturik garrantzitsuenetako bat mugikortasun jasangarriranzko eraldaketari begira, eragina baitu hiriko sektore askotan, hala nola jasangarritasunean, tokiko merkataritzan, eraldaketa digitalean edo hiri-trafikoaren pilaketan.