2019ko amaieran, Euskadiko Jaurlaritzaren Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren Lege- proiektua onartu zuen, behin lantzeko eta kontrastatzeko faseak bukatuta. Proiektua hainbat agente sektorialekin eta hainbat administrazio-mailarekin eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) koordinaziopean aurrera eraman da. Gaur egun, lege-proiektua izapidetze- eta eztabaida-fasean dago Eusko Legebiltzarrean.
Lege-proiektuan, maila honetako araudiaren garrantzia azpimarratzeko arrazoiak ematen dira, eta gainditu beharreko erronkak eta horiei aurre egiteko beharrezko tresnak zeintzuk diren azaltzen da, mugikortasunaren kudeaketaren arloan. Lege proiektuaren arima gidatzen duten Europako ekimenen esparruan kokatzen da, eta horren arabera, “helburua da «kutsatzen duenak ordaindu behar du» eta «erabiltzaileak ordaintzea» printzipioen aplikazioan aurrera egitea, gizartearekiko bidezkoa den eta ingurugiroarekiko jasangarria den mugikortasuna bultzatuz” (Eusko Jaurlaritza, 2019).
Gero eta handiagoa den garraio-bolumena kudeatzeko neurriak hartzera eta haren gizarte- eta ingurumen-kostuak murriztera bideratutako ekimenetan aurrerapauso nabarmenak egin dira Euskadin, lege proiektuak egiaztatzen duenez, batez ere, administrazioa publikoko ibilgailuetan eta pertsonen garraiorako zerbitzu publikoan emisiorik gabeko erregaia erabili beharrari esker.
Ildo beretik, mugikortasun jasangarria bultzatuko duten politikak sustatzeko garatu behar diren hainbat elementu aipatzen dira. Lehenik eta behin, mugikortasun politikak garraioaren planifikazio globalean barneratzea komeni dela nabarmentzen da, eta hura, aldi berean, lurraldearen ordenazio, ingurugiro eta hirigintza politiketan barneratu beharko litzatekeela. Politika publiko garrantzitsuena garraio publikoaren deskarbonizazioaren bultzada da, horrek Euskadiri hobekuntza nabarmena eskaintzen baitio garraioaren esparruan, garraio modu guztiak kudeaketan txertatuz modu jasangarrian, tren bidezko garraioa eta emisiorik gabeko garraio ibilgailuen erabilera lehenetsiz.
Gaur egun, Euskadik Garraio Jasangarriaren 2030 Gida badu ere, 2017an onartutakoa, Mugikortasun Jasangarriaren Lege-Proiektuan, Euskadiko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriaren Plan baten garapena ezartzen da. Hori izango da, hain zuzen ere, estrategia-markoa “garraiobideen koordinazioan eta integrazio intermodalean oinarritutako politika ezartzeko […] eta administrazio-koordinazio irizpideak ezartzeko” (Eusko Jaurlaritza, 2019).
Horrela, dokumentu estrategiko horrek politika publikoen garapena bermatzea bilatzen du, lege-proiektuaren eta Europako markoaren ikuspegiarekin, ekintza-plan bat zehaztuz eta administrazioen arteko kooperazioan garrantzia jarriz, eskumenak antolatu eta jarduteko zeharkako sistemen artikulazioarekin batera.